Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarra ere Korrika!

Bai, zuzen irakurri duzu: Euskal Herrian gure hizkuntzaren alde korrika egiten dugun modu berean ipiniko dugu gure biltzarra ere korrika. Bi urtez behin hamar egunez eta hamar gauz Euskal Herri osoa martxan jartzen duen hamar eguneko lasterketa erraldoiak 2021eko udaberrian izango du bere hurrengo edizioa. Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarretik ez dugu aukera galdu nahi izan, eta hasieratik ipini gara harremanetan Korrikaren antolatzaileekin; hartara, Bilbon elkartzen garen egun beretan igaroko da bertatik Korrika, eta gure parte hartzaileek aukera izango dute euskararen aldeko gertakizun sozial eta kultural garrantzitsuenetako baten lekuko izateko.

Bertan, Korrika zer den azalduko diegu: euskararen aldeko mezu bat daraman lekukoak Euskal Herri osoa zeharkatzen du eskuz esku, eta amaierako festan irakurtzen da ozen jendetza handi baten aurrean. Elkarte, enpresa eta erakundeek kilometroak edo lasterketa zatiak babesten dituzte, eta bildutako dirua AEK-k jasotzen du, Euskal Herri osoan helduei euskara irakasten diharduen erakunde nagusiak.

Korrika pasatzea festarako arrazoi bihurtzen da toki guztietan, eta tokiko batzordeek Korrika Kulturala deitutako egitaraua prestatu ohi dute gertakizunaren bueltan: kontzertuak, herri bazkariak, bertso saioak, lehiaketak eta abar. HGBNtik, festa bertatik bertara ezagutzeko gonbidapena egingo diegu gure parte hartzaileei.

Informazio gehiagorako: http://www.korrika.eus/