Hizkuntza Gutxituen 18. Nazioarteko Biltzarra

Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo.
2021eko martxoaren 24tik 26ra.

Globalizatua eta teknologikoki dinamikoa den mundu baten parte dira hizkuntza gutxituak; eremu horretan, Internet ezinbesteko tresna bihurtu da komunikazio, ezagutza eta informazio prozesuak bizkortzeko, eta pertsonen mugikortasun geroz eta handiagoa egungo gizarteen osagai garrantzitsua bihurtu da, hirietan zein landa guneetan. Horren ondorioz, hizkuntza gutxituetako hiztunek inoiz baino harreman komunikatibo eleanitz eta multikultural gehiagori heldu behar diete, tokiko mailan zein maila translokalean konektatutako sareen bidez.

Intentsifikatutako jario global horien artean sortzen ari diren joera eta botere harreman ekonomiko, estetiko eta kultural globalen parte ere badira hizkuntza gutxituak. Joera eta harremanok baldintzatzen dituzte hiztunen aukeraketa linguistiko eta kulturalak, eta sarritan sustatzen dituzte disparekotasunak eta elebakartasunaren aldeko aurreiritziak, besteak beste, hiztunen natibotasunari, estandartasunari eta guztien gainetik gailentzen den ingelesaren hegemoniari dagokionez. Nolanahi ere, aipatutako baldintzek hizkuntza gutxituentzako itxaropentsuagoak diren jokalekuak ere sor ditzakete, hala nola, hizkuntza nagusi edo maioritarioekiko harreman historiko binarioak zalantzan jartzen dituzten aldaerentzat.

Euskal Herriko Unibertsitateko NOR Ikerketa Taldeak antolatu du 2021eko martxoaren 24tik 26ra Bilbon egingo den Hizkuntza Gutxituen 18. Nazioarteko Biltzarra – HGNB. Mundu guztiko hizkuntza txiki edota gutxituak eta euren hiztunak izango ditu mintzagai. Diziplina arteko elkarrizketa sortzea du helburu, hizkuntza gutxituek testuinguru eleanitz eta multikultural berriok dakartzaten erronkei nola aurre egiten dieten aztertzeko eta hiztunek maila lokalean zein globalean mugituz baliabide linguistiko gutxituak nola berrasmatzen dituzten  ikertzeko.

 

2021eko HGNBk hainbat gai izango ditu oinarri, besteak beste:

  • Hizkuntza gutxituak berrindartzeko esperientziak testuinguru eleanitz eta globaletan.
  • Hizkuntza politikak eta plangintzak ingurune eleanitz eta multikultural konplexuetan.
  • Sistema eleanitz baterako hezkuntza-, alfabetatze- eta ikasketa-irizpideak.
  • Ikuspegi soziolinguistiko eta etnografikoak: hizkuntza ideologiak, identitateak eta jarrerak mundu globalizatu eta aldakorrean.
  • Kultur eta Hizkuntza Antropologia: hizkuntza botere harremanen eta desoreka sozialen eraikuntzan.
  • Komunikazioko eta Hedabideen Ikasketak: komunikabide berriak, hizkuntza gutxituak eta eleaniztasuna.
  • Bestelako gaiak.

Kontuan hartu beharreko datak

Proposamenak bidaltzeko epea: 2020ko apirilaren 1etik ekainaren 30era.
Proposamenak onartzea eta jakinaraztea: 2020ko urrian.

Proposamen motak

Hizkuntza gutxituei lotutako ikerketen aurkezpenek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta hiru formatutan onartuko dira: banakako aurkezpenak, posterrak eta panelak.

Proposamenek gorago zerrendatutako gai batekin edo gehiagorekin izan behar lukete zerikusia.

Banakako aurkezpen edo posterretarako proposamenak

Bidali zure lanaren edo posterraren laburpen bat (300 hitz, erreferentziak barne). Laburpenak behar adina xehetasun jaso behar ditu, berrikusleek proposamenaren merezimendu zientifikoak epaitzeko aukera izan dezaten.

15 minutu emango dira ahozko aurkezpenetarako. Panel bakoitzaren aurkezpenak egin ondoren, 30 minutu gordeko dira galderak egiteko eta eztabaidatzeko.

Posterra aurkeztean, kartel batean ikerketaren alderdi nabarmenenak erakusten dira, eta galderak eta erantzunak egiteko aukera ematen da. Posterra eskuragarri egongo da parte-hartzaileek ikus dezaten, hitzaldiaren programan adierazitako denboran. Egileei animatzen zaie posterrak bisitatzera eta egilearekin solastera erakustaldiak irauten duen bitartean.

Mesedez, erabili hemen behean topatuko duzun txantiloia:

Hitzaldi edo posterretarako txantiloia deskargatu

Paneletarako proposamenak

Panelak jada definitutako gai zehatz baten inguruan taldekatutako aurkezpen multzoak dira, eta 1,5 orduko denbora-bloke batean eskaintzen dira. Paneletarako proposamenak 500 hitzetara mugatu behar dira, eta aurkezpen bakoitzaren laburpenak jaso behar dituzte, artikuluen izenburuekin eta egileen izenekin batera.

Proposamenaren merezimendu zientifikoa ebaluatu ahal izateko behar adina xehetasun eman behar dira. Saioa zuzenduko duen pertsona bat ere identifikatu behar da. Solasaldi baterako proposamena aurkezten duen pertsonaren ardura da gainerako parte-hartzaileen baimena eta lankidetza bermatzea, aurkeztu aurretik.

Mesedez, erabili hemen behean topatuko duzun txantiloia:

Paneletarako txantiloia deskargatu

Kongresuaren hizkuntza politika

Biltzarreko hizkuntza politika lau printzipiotan oinarrituta dago:

Eraginkortasuna: parte-hartzaile guztien arteko komunikazioa eta trukea erraztea da helburua.

Hizketarako aukera: ahalik eta pertsona gehienek beren ikuspuntua partekatu ahal izatea da helburua, beren hizkuntza-gaitasunak kontuan hartuta.

Ikusgarritasuna: gure planetaren hizkuntza aniztasuna erakustea da kontua.

Gogoeta: mundu akademikoan dagoen hizkuntza-homogeneizazioranzko joeraz gogoeta egitean datza.

Printzipio horietan oinarrituta, biltzarreko hizkuntza ofizialak ingelesa, gaztelania, frantsesa eta euskara izango dira. Ikuspuntu desberdinei ahotsa eman, eta, aldi berean, ulergarritasun handia bermatzea da asmoa.

Ez dago aurreikusita aldi bereko itzulpenik. Horregatik, eta ahalik eta pertsona gehienek beren burua adierazteaz gain, beste pertsona batzuk ere ulertuko dituztela bermatzeko, material eleaniztuna erabiltzera animatzen da (adibidez, aurkezpen grafikoetan, laburpenetan eta abarretan).

Bidali zure proposamena

EasyChair plataformaren bidez jasoko eta kudeatuko ditugu proposamenak. Egizu klik azpiko botoian zeurea bidaltzeko:

Bidali proposamena