ICML kongresuaren aurtengo edizioa Bilbon izatea espero genuen, baina azkenean ICML XVIII online izango da, BILBONLINE deitu diogun espazio birtualean.

Aukera gisa ikusten dugu kongresua online egiteko aukera, formatu honek etorkizuneko hizkuntza gutxituen sare birtuala ehundu eta indartzeko parada ematen baitigu. Kongresuaren antolakuntzatik gure esku dagoen guztia egingo dugu hori horrela izan dadin.

Kongresua ONLINE izateak ez du esan nahi gure abiaburuko helburua aldatu denik: diziplinarteko ikerketen topaleku izatea eta hizkuntza gutxituek testuinguru eleanitz berrietan dituzten erronkei ikuspuntu akademiko ezberdinetatik heltzea da xede nagusia.  

Baliatuko dugun plataforma topaleku atsegin eta erabilgarria izan dadin lanean ari gara. Era berean, biltzarraren funtzionamendu egokia ziurtatzeko kalitatezko konexioa bermatuko duten aurretiazko froga teknikoak egingo ditugu. Biltzarra zuzenean emango dugu streaming bidez, eta hurrengo egunean ikusgarri egongo da nahieran.

Bestalde, Bilbon presentzialki egingo genuen biltzarraren hizkuntza politikan hasieratik erabaki genuen hizkuntza ezberdinei tokia eskaini behar geniela eta kongresuaren irisgarritasunean ahalegin berezia egin behar genuela. Online formatuan ere erronka hori mantendu dugu eta hizkuntza ezberdinetan jarraitzeko aukera izango da, bai eta zeinu hizkuntza ere. 

Bilbonline ikusiko dugu elkar! Laster arte!