Ongi etorri Bilbora!

Euskal Herriko hiri handienak – milioi bat biztanle ditu bere metropoli gunean – hartuko du 2021ean Hizkuntza Gutxituen 18. Nazioarteko Biltzarra.

Itsasotik 20 kilometro eskasera eta mendiz inguratuta egonik, Ibaizabal ibaiari lotutako itsas-industria eta industria metalurgikozko historia luzea du Bilbok. Gaur egun, bertan dago oraindik Bizkaiko Golkoko portu garrantzitsuenetako bat.

Desindustrializazio prozesu handi baten ostean, egungo Bilbo hiri kosmopolita eta koloretsua da, eta Euskal Herriko komunitate akademiko handienaren bizilekua: sei kanpus eta beste hainbat unibertsitate-eraikin daude hirian eta haren inguruetan.

Nazioartean, ziurrenik, ezagunagoa da bere gune turistikoengatik, esate baterako, Guggenheim museoagatik, Euskalduna jauregiagatik, bere hiri arkitekturagatik eta Athletic futbol klubagatik. Azken hori, talde profesionala izanik, bertako jokalariak kontratatzeagatik da ezaguna, eta bere estadioa, San Mames, giro oneneko estadioen zerrendako lehenbiziko hamar postuetan kokatu berri dute, taldearen inguruko komunitate-sentimendua nabarmenduz.

Nolanahi ere, hiriak askoz gehiago du bisitariari eskaintzeko: bizitza sozial eta gastronomiko bizia Zazpikaleetan, hainbat kultur azpiegitura – Arte Ederren museoa, esaterako – eta oinez ibiltzeko gune berde ugari. Bestalde, Bilbo abiapuntu ona izan daiteke kostako herri ikusgarri batzuk bisitatzeko edo Euskal Herriko beste gune batzuk ezagutzeko; Donostia, Iruñea, Baiona eta Gasteiz ordubete eta bi ordu arteko distantziara daude autoz edo autobusez.

Euskal hiztunen kopuru handiena bertan izanik, euskal kulturako hainbat hitzordu garrantzitsuren gertalekua ere izan ohi da Bilbo. Horietako bat Korrika da: hamar eguneko lasterketa hiritik igarotzea festarako motibo izan ohi da bi urtetik behin. Hurrengo edizioa 2021eko udaberrian izango da, eta gure biltzarrarekin bat egingo du egunetan. Horregatik, biltzarreko parte hartzaileek aukera izango dute euskararen alde antolatzen diren ekinbide esanguratsu eta garrantzitsuenetako bat bertatik bertara ikusteko.